Goierri Valleyk ezohiko batzar nagusia egin zuen 2025eko otsailaren 7an eta eta 2025eko Kudeaketa Plana eta Aurrekontuak onartu ziren. Ilusioz beteta, proiektu interesgarriekin eta zerbitzu-eskaintza zabalarekin hasi dugu urtea.
Ekitaldi honetan, elkarteak 539.297,07€ko aurrekontua izango du. Sinergiak sustatzeko eta Goierriko industrian eragin positiboa eta iraunkorra sortzeko balio handiagoko zerbitzu integratuak eskaintzeko helburu sendoari jarraituz, proiektu nabarmenen artean Jarraipen proiektua, Goierri Up! eta Dibertsifikaziorantz jarriko dira enpresen eskura aurten. Hiru proiektu hauekin, jabetzan edota kudeaketan errelebo egoeran dauden enpresen jarraipena eta enpresetako dibertsifikazioa eta barnekintzailetza landuko dira.
JARRAIKORTASUN PROIEKTUA
Jarraikortasun proiektua aktibatu da Goierri Valleyen parte diren eta jabetza edo kudeaketa errelebo egoeran dauden enpresen jarraitutasuna ziurtatzeko helburuarekin. Kontzientziazioa bilatuko da, enpresen egungo egoera ezagutarazteko eta egoera kritikoan egon daitezken enpresak identifikatu eta babesteko. Honekin batera, etorkizunean Goieki eta Goierri Valleyetik eskainiko den zerbitzua definituko da.
Horretarako, bi norabidetan egiten ari da lana: alde batetik, sentsibilizazioa xede, eta bestetik, enpresen egungo egoeraren diagnostiko baten gauzatze aldera. Sentsibilizazio fasea hasia da, enpresen jabetza edota kudeaketaren ondorengotzaren planifikazioan aurre hartzearen garrantzian sakontzen eta honetarako dauden hautabide ezberdinen inguruan hausnartzen. Urtarrilaren bukaeran 10 enpresek parte hartu zuten sentsibilizaziora zuzendutako jardunaldian. Bestetik, diagnostikoaren fasean azpimarra egungo egoeraren ezagutzan jarri da, hots, Goierri Valleyen parte diren enpresen behar eta espektatibetan jarraitutasunari dagokionez. Diagnostikoa 2024 bukaeran burutu zen, eta emaitzek ezagutarazi zutenaren arabera, erantzun zuten 35 enpresetatik 9k behar dute jabetza edota kudeaketa erreleboa, eta honen faltaren ondorioz, 6k itxiera planteatu dute. Emaitza hauek eskualdean horrelako proiektu bat aktibatu eta gauzatzeko beharra funtsatzen dute.
Proiektuari jarraipena emateko, proiektu pilotu bati ekitea aurreikusten da, berehalako errelebo egoeran dauden enpresen ibilbide-orri baten diseinuan zentratuko dena. Proiektu honek barne hartzen du, halaber, mota honetako etorkizuneko beharrei erantzun ahal izateko aukera. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza batekin batera finantzatzen ari da.
DIBERTSIFIKAZIOA ETA EKINTZAILETZA
Enpresa-dinamika berriak sortzeko helburuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza lortu da enpresen dibertsifikazioaren eta barne-ekintzailetzaren inguruko proiektu bati ekiteko. Honekin, enpresei dibertsifikazioan lagun egin nahi zaie, eskualdeko berrikuntza eta ekintzailetza teknologiko eta berritzailea sustatuz, enpresa-garapena edo entitate arteko lankidetza sustatuz. Gainera, eskualde-mailan berrikuntza sustatzea bultzatuko duen ekosistema bat sortu nahi da, ekintzailetza-proiektuetarako eskualde erakargarri bat sortzen lagundu, enpresen beharrei eta etorkizuneko erronkei erantzuteko helburu nagusiarekin. Beraz, Goierrin ekimen eta proiektu berritzaileak garatzeko eta sustatzeko tresnak eta baliabideak eskaini nahi dira.
Proiektu honek bi ibilbide ditu, enpresetan dauden errealitate ezberdinei erantzuten dietenak: Dibertsifikaziorantz eta Goierri Up!
Dibertsifikaziorantz ibilbidea dibertsifikazioko edota barne-ekintzailetzako proiektuak identifikatu eta aktibatu nahi dituzten enpresei zuzenduta dago. Horretan lan egiteko, honako jarduera hauek planifikatu dira: Jardunbide egokien sentsibilizazio eta transmisio jardunaldia, proiektuen eta interesen identifikazioa, ibilbide-orri baten definizioa eta programa ixteko saioa, enpresa eta pertsona parte-hartzaileen ikaskuntzak partekatzeko.
Goierri Up! ibilbidea, aldiz, dagoeneko dibertsifikazioko erronka teknologikoak edota ekintzaileak identifikatuta dituzten enpresei zuzenduta dago. Ibilbide horretan honako ekintza hauek egingo dira: aurkezpen jardunaldia, beharrak eta interesak identifikatzea, probetxuzko aukerak identifikatzea eta erakartzea, inbertsio-baliabideak kontrastatzea eta startup-en eta enpresen arteko harremanen jarraipena egitea.
Horrez gain, batzarraren aurretik, begirada estrategikoko saioa egin zen, non Alberto Lorenzo Mitxelenaren eskutik EUN Creating Smart Spaces -ek 51 urteko ibilbidean izan duen ibilbidea entzuteko plazera izan genuen.

2025ean Goierri Valleyk gaurko erabakiak biharko arrakastarekin lotzen jarraituko du, kultura propioarekin. Elkarrekin urrunago!
GoierriValley #IndustrialAlliance



