Mikel Arrizabalaga, Goierri Valleyeko presidentea, Mutiloara bertaratu zen pasa den urtarrilak 22an, eskualdeko beste 33 eragile publiko, pribatu eta komunitariorekin bat eginez, gobernantza sarearen oinarriak zimendatzen dituen lankidetzarako hitzarmena sinatzeko.
Goierritarren kezken eta eskualdearen erronken definizioaren lanketa luze baten ostean, orainetik etorkizuna elkarrekin begiratzeko, eta honi erantzuteko elkarlanean aritzeko konpromisoaren emaitza da hitzarmena baina ez horregatik helmuga: gobernantza eredu berri hau bizi dugun eta etorriko diren konplexutasun eta erronkak artatzeko tresna bizia da.
Honekin, ezberdinak garen eta oro har indibidualki lan egiten dugunon arteko harreman eredu berri bat bilatzen da, eskualdeko erronka poliedrikoei erpin ezberdinetatik heltzen lagunduko duena. Hasteko, energia, landa garapena eta zaintzaren erronkei erantzutea ipini du abiapuntutzat.
Ekitaldian, hitzarmen honetara iristeko egindako ibilbideaz aritu ziren ordezkari politiko eta lan ildo ezberdinen protagonista diren eragileak, prozesuaren bizipena partekatzeaz gain, gobernantza ereduak arlo bakoitzean proposa ditzakeen aukera berriez jardun ziren.
Sinatzaileen zerrendan, Goierri Valleyekin batera, honako hauek daude: Goierri osatzen duten 18 udalak —Altzagako Udala, Aramako Udala, Ataungo Udala, Beasaingo Udala, Gabiriako Udala, Gaintzako Udala, Idiazabalgo Udala, Itsasondoko Udala, Lazkaoko Udala, Legorretako Udala, Mutiloako Udala, Olaberriako Udala, Ordiziako Udala, Ormaiztegiko Udala, Segurako Udala, Zaldibiako Udala, Zegamako Udala eta Zeraingo Udala—, Goieki, Goierri Fundazioa, Goimen, Goitur, Ampo, CAF, Lortek, Orkli, Biziola, Cáritas, Goiener, Goierriko Nekazal Kooperatiba, GITB, Goierriko Hitza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Agente guzti hauek bateratuta eskualdeko etorkizuneko erronkei lankidetzazko formula batean erantzuteko konpromisoaren hautuan.
Hitzarmenaren bitartez, egungo gizarte eta testuingurua baldintzatzen duen konplexutasuna artatzeko eredu berri bat definitzen da. Harreman ereduak eraberritu nahi dira, konektatu, eta ziurgabetasun eta atomizazio testuinguru honetan gaurko eta biharrerako, zubi sendoak eta helmuga bateratuak eraiki.



