Goierri Valley, Goierriko aliantza industrialak, urriaren 6tik 9ra Argentinan egin den Iberoamerikako Garapen Agentzien 3. Topaketan parte hartu du, Partnership proiektuaren esparruan. Ekimen estrategiko horrek nazioartekotzea eta sinergia berrien sorrera bultzatzen du, bazkide diren enpresentzat balio erantsia duten erakundeekin harremanak sendotuz.
Topaketa hau FADELRAk (Argentinako Garapen Agentzien Federazioa) eta FIAPRODETek (Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Eragileen Iberoamerikako Foroa) antolatu dute, eta lau egunez Iberoamerikako gobernu, unibertsitate, zentro teknologiko, enpresa eta gizarte zibileko ordezkariak bildu zituen. Helburua: lurraldeen garapenerako erronka berriei aurre egiteko aliantza berritzaileak eraikitzea, trantsizio digital, sozial eta ingurumeneko testuinguruan.
Topaketan, Goierri Valleyk bere lankidetza eredu industriala aurkeztu zuen, eta interes handia piztu zuen bertaratutakoen artean. Misioak Argentinako eremu estrategikoetako ACDICAR, ADER, ADEC eta ANIDE garapen agentziekin lehen harremanak izateko aukera eman du. Era berean, elkarlan aukerak ireki dira INTI eta CENTEC zentro teknologikoekin eta UTN (Universidad Tecnológica Nacional) eta UCSF (Universidad Católica de Santa Fe) unibertsitateekin, ikerketa eta transferentzia teknologikorako.
“Misio hau giltzarria izan da sektore estrategikoetan negozio- eta lankidetza-aukera errealak identifikatzeko, hala nola nekazaritzako elikagaietan, energian eta petrolioan. Gure enpresei merkatu horietara tokiko eragileen sare sendo baten babesarekin sartzeko aukera eman nahi diegu, bultzada komertzial bat emanez eta beraien kabuz kontaktatu ezin dituzten entitateekin harremanetan jarriz”, nabarmendu du Xabier Perez Dorronsorok, Goierri Valleyko negozio arduradunak.
Topaketa hau proiektu jarraitu baten parte da, eta lau lan-lerro izango ditu: talentua, gobernantza, ekintzailetza eta nazioartekotzea. Goierri Valleyren kasuan, nazioartekotzean jarriko da fokua, 2026an egingo den hurrengo topaketarako enpresa-misio bat prestatzeko asmoz.
Deialdi irekia interesa duten enpresa eta pertsonentzat
Goierri Valleyk dei egiten die Argentinan aukerak aztertzeko eta nazioarteko misio honetan parte hartzeko interesa duten enpresa guztiei, bazkide izan edo ez. Kasu bakoitzaren analisi pertsonalizatua egingo da, proiektuari lotzeko modurik onena identifikatzeko.
Era berean, proiektu honetan lan egin nahi duten pertsonak animatzen ditugu bere curriculuma bidaltzera, izan ere, Global Training bekak baliatuz, Argentinako garapen agentzietan lan egiteko aukera dago, Goierri Valley-rekin harremanetan egonik lurraldea lantzeko.
Harremanetarako: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Telefonoa: 943 16 00 40
#ElkarrekinUrrunago #GoierriValley



